(AFRIKAKO OIHALEN TRADIZIOA GASTEIZEN)

Leku batzuetan, hariek sekretuak gordetzen dituzte, eta oihalak ez dira oihal bat bakarrik: izen bat dira, istorio bat, jatorri bat. Afrikako ehunen testigantzak entzuteko gonbidapena da Oihal artean.

Kente, Leppi, Bogolan, Kuba. Izen bakoitzaren atzean, antzinako kultura bat dago, bizirik dirauena gaur egun kultura horri eusten diotenei esker. Jatorrizko komunitateetan eskuz egindako piezek osatzen dute erakusketa hau; hariz hari, bizitza pertsonal zein komunitarioetako une garrantzitsuak azaleratzen dira.

Oihalak, baina, ez daude bakarrik. Berezkotzat hartzen dituztenen ahotsek laguntzen dituzte. Ehunek gordetzen dituzten esanahiak argitu dituzte Afrika-Gasteizko erakundeetako kideek.

Hau ez da erakusketa bat bakarrik; Euskal Herria zeharkatzen jarraituko duen bidaia ere bada, Afrikako memoria biziarekin lotzen gaituzten hariak eramateko.