Afrika eta Gasteizen artean istorioak ehuntzen
AFRIKATIK GASTEIZERA
NUEVAS Y VIEJAS COSTUMBRES
Gasteizen hainbat nazionalitatetako eta kontinente guztietako pertsonak bizi gara elkarrekin. Askok Afrikan dituzte sustraiak, eta euskal hiri txiki hau aukeratu dute beren bizilekua finkatzeko, aldi baterako edo behin betiko.
Hainbat herrialdetako afrikarrak iritsi dira hiri honetara beren bizitzak garatzera, dela ikasketen edo lanaren inguruan, dela izaera politiko edo pertsonaleko beste alderdi batzuen inguruan, eta beren ohiturak eta tradizioak ekarri dituzte, hala nola jatorrizko txoko bakoitzeko hizkuntzak edo komunitate bakoitzeko oihal tradizionalen inguruan errotutako tradizioa.
Migratzaile gehienak bezala, Gasteizen finkatutako afrikar komunitateak bertako ohiturak partekatzen ditu eta, aldi berean, berezko balioak eta ohiturak gordetzen eta hurrengo belaunaldiei —gasteiztarrak jaiotzez— transmititzen saiatzen da, bere nortasuna ez galtzeko.
KOMUNIKAZIO ANITZA
EL VALOR DE LA COMUNICACIÓN
Bizikide berriak iritsi ahala, azken urteotan gure hirian mundu osoko hizkuntzak entzuten hasi dira, euskararekin eta gaztelaniarekin batera. Gure kaleetan hamarnaka hizkuntza afrikar autoktono entzun ditzakegu.
Hizkuntza horiek, batez ere Afrikako iparraldetik eta ekialdetik datozenak, ehunka kilometro egin dituzte hona iritsi arte.
Antzinako hizkuntzak dira, hala nola wolofera, twi, fula, swahili, banbarera edo bassa. Mendeak daramatzate transmititzen, eta hitz egiten dituzten herrien jakinduria eta milaka urteko kultura biltzen dituzte, aberastasun itzela.
Erakusketa honek Gasteizen mintzatzen diren Afrikako hizkuntza autoktono batzuk biltzen ditu, Afrikako kultura-ondarearen bi adierazpen garrantzitsu partekatzeko. Hizkuntzak berak, leku bakoitzeko adierazpen eta hitz bakarrak gordetzen dituztenak, eta oihalak, mundua ulertzeko modu bereziak adierazten dituztenak.
ELKARTEAK
EL TRABAJO DE LAS ASOCIACIONES
Zenbait elkarte afrikarrek urteak daramatzate Gasteizen lan egiten, hirian finkatutako biztanleria migratuaren bizimodua hobetzeko.
Kolektibo horiek lan handia egiten dute giza eskubideen garapenerako lankidetzaren edo sentsibilizazioaren arloan, eta hiriko afrikar komunitateari laguntzeko lanak ere egiten dituzte, hala nola kontsul-izapideetan eta lana bilatzen laguntzea, edo emakumeak ahalduntzeko lantegi espezifikoak antolatzea.
Gainera, elkarteek kultura-jarduerak bultzatzen dituzte, eta horietan parte hartzen, hala nola Afrikaren Astea, Afrikaldia zinema-jaialdia, jaiak, hitzaldiak edo hau bezalako erakusketak. Hartara, hiriko kultura-panorama eta gainerako auzokideekiko bizikidetza sustatzen dituzte.
JOAN ETORRIAN
EMIGRACIÓN, INMIGRACIÓN
Pertsonok betidanik migratzen dugu, norabide askotan eta hainbat arrazoirengatik. Migrazioen atzean beti daude arrazoi ekonomikoak, politikoak, erlijiosoak, edo bidegabekeriak, baita ingurumen-arrazoiak ere, gero eta gehiago.
Gasteiz Arabako herrietatik etorritako migratzaileei esker hazi zen eta, ondoren, Espainiako beste lurralde eta eskualde batzuetatik migratutakoei esker. Gaur egun, bertako herritarrek beste leku batzuetara jotzen dute, baina hiriak hazten jarraitzen du, beste herrialde batzuetako emakumeak eta gizonak iritsi ahala.
Horrela, bada, Gasteizen gaur egun mundu osoko pertsonak bizi gara elkarrekin, besteak beste, Afrikatik etorritakoak, batez ere Magrebetik eta kontinenteko mendebaldetik.
Migratzen dugunean, arrazoia edozein dela ere, helmuga edozein dela ere, gure bizitzaren zati bat gure jatorrizko lekuan geratzen da, eta beste bat bizkar-zorroan eramaten dugu. Eta gure bizitza eta gure komunitate berria eraikitzen jarraitzen dugu.
Afrikako hainbat herrialdetatik jakintzak, indarra, hizkuntza... ekarri ditugu Gasteizera, baita koloreak eta oihalak ere.